Jarraian, klasean egindako puntuazioari buruzko hainbat jarduera:
1.ARIKETA. Jarri puntuazioak testu hauetan.
MOTIVO ESPAÑOL 1B. MITXELENA
Aldi joana isila dut eta ez nau
ustekabean asaldatzen. Haurtzaro eta gaztarokoa suntsitu zen,beste mundu batekoa da eta ez dut aspaldian mundu horrekin lot
nazakeen elkarbiderik. Bestea, arestikoa, hain izan zen laburra… Urtebete iraun zuen doi-doi. Orain gogora dezaket larritu gabe, baina ez naiz hartaz gehiegi arduratzen. Gibelaldean, urruti dagoen oihala da, erdi argi erdi ilun, eta lehenak zauri ez nazan, kristala dut
bitarteko.
Lanean ari nintzen, gau eta egun. Hala behar ere, gogorra
baitzen bizitza, batez ere
urte hilen pisua arrastaka generamanentzat. Berandu agertu nintzen, gainera, leku hutsik gelditzen ez zen mundura. Lehian atertu gabe, berriz eta berriz. Eta han, nonbait, zoko ezkutuan, ehiztarien ihesi dabilen piztiaren sena, zelatan dauzkan arriskuen begira.
Orduan ezagutu nuen. Ez naiz ongi oroitzen noiz eta nola egin
genuen topo lehenbizikoz. Bestela bezala gertatu zen, ez bainion
nik antzeman berekin zekarren ezkutua. Hurbiltzen gindoazkion elkarri konturatu gabe, eta bat- batean eguna zabaldu zen ene baitan, eta aspaldidanik ametsetan ere ahazturik neukan soinuaren lehen hotsak
entzun nituen berriro.
Udaberri hatsarrean, gogoan daukat, elkarrekin gindoazen igande goiz batez, aldirietan barrena. Lanbroak, eguzkiak
artean uxatu ez zuen lanbroak, bere ganduz estaltzen zituen bazterrak. Haren besoan nuen eskua, eta ukitze arin horretan bizi nintzen ni oso-osorik. Hotzak zurbildua zuen aurpegia, noizean behin haize mehearen hotzikarak inarrosten zuen eta. Batak besteari begiratzen genionean, den-dena (hura, ni, inguru lanbrotuak) gatzaturik
gelditzen zen, sosegu
betezko geldiune soil batetik dilindan.
Neure burua berriz ere presondegian
ikusi nuenean, haren
irudiari lotu nahi nintzaion. Heriosuhar haren beroak inguratzen ninduen ametsetan eta egun-argiz elkarri
idazten genion. Gero ez dakit ongi zer gertatu zen, bitarteko genituen gutunek eskaintzen ziguten gaia idorregia zen agian eta
alferrik egiten genituen. Leherrenak asperturik eta gogaiturik utzi gintuzten azkenean. Dena den, gero eta bakanago agertzen ziren eskutitzak azkenik mututu ziren. Ez diot sekula txartzat hartu. Horrelaxe garabiltza bizitzak hura
urrundu zuen, eta azken batean, nerau naiz
seguru asko urrutien saihestu nauena.
2.ARIKETA. Jarri puntuazioak testu hauetan.
ORIXE. SANTA KRUZ APAIZA (LIZARRAGARI)
Mandataria bidalita, Uitzira jaitsi nintzen, eta han egon nintzen erantzunaren begira arratsaldeko bostak arte. Alfer-alferrik, nire gogo ona eta menpera-nahia aintzat hartu gabe. Goizuetara jo zuen, eta nik Leitzara gau egitera. Han nire lagunek esan zidaten nire eskabideetara ez zela etorriko, apaizek beren egitekoetan ari behar omen dutela. Muzin hori niri egin arren, atzetik joan nintzaion, bidean okerren bat gerta lekiokeen bildurrez, giputz gazte gizagaixo haietaz kupituta nengoelako: gaueko hamarretarako Lesakan nintzen, eta biharamun goizeko zortzi eta erdietan, Lizarragak dei egin dio nirekin etorri den buruzagi bati, doala Igantzira, ni aipatu ere gabe.
Beraz, nirekin adiskidetzeko noiz edo noiz azaldu duen gogoa azal-huskeria eta itxurakeria da. Garbi- garbi hitz egingo dut, ohi bezala; ez dut eramango aurrerakoan holako muzinik, eta ez diot bururik makurtuko. Jakinaren gainean jartzen dut, eta adieraz diezaiela nire adiskideei eta etsaiei nire jokabidea.
3.ARIKETA. Jarri puntuazioak testu hauetan.
ORIXE. SANTA KRUZ APAIZA (2)
Jainkoa zen aurrena, gero Euskal Herria, azkena Don Karlos. Maite zuten, bai karlistek eta Santa Kruzek, beren erregea erlijioaren eta foruen aldekoa baitzen. Don Karlosek euskaldunez baliatu nahi zuen, errege aulkian esertzeko; euskaldunek, berriz, hartaz, foruetarako, eta biak musu-huts gelditu ziren. Hark behintzat, Gernikan eta Billafrankan juramentuz agindu zuen gure foruei eutsiko ziela. Beste erregek ez zuen beste hainbeste egin aspaldiko urteetan eta gizaldietan. Ez al zen haren alde jartzeko dina? Aurrena zuzen hasi zen erregea, gero okertu bazen ere. Inguruan bazituen izateko batzuk, eta haien esanera eta eginera jarri zenetik, ez zuen gauza onik atera. Orduan etsi zuen Santa Kruzek, baita karlista zintzoek ere. Atzera zentzatu zen, eta ez zuten erabat utzi.
Don Karlosek, behin batez, Ingalaterran topo egin omen zuen apaizarekin, eta tiroz hilko zuela esan omen zion, Espainian harrapatu balu. Santa Kruzek ordurako gogo jardunak egin zituen, eta ez zion axola handirik hil beharra zen errege batengatik. Indietarako asmotan zebilen, basajende haiek jainkoarengana bildu nahian. Horretarako, laguntzarik eman baliote, erregeek, eskerrik askorekin hartuko zuen. Don Jaime Kolonbiara joan zen batez, apaizak gutun bat egin zion, haren aita zenarentzat gerran ari izan zela, eta orain beste Erregerentzat ari zela eta diru pixka bat bidaltzen bazion, esker onez hartuko ziola bere indiarrentzat.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina