TEORIA:
ANTOLATZAILEA vs. JUNTAGAILUA
Antolatzailea=
. Eta
Juntagailua=
… eta …
1.ARIKETA. Testu honen antolatzaileak bilatu eta zeinek diren zehaztu.
AITZINSOLASA
Hipokoristikoen azterketa zergatik den garrantzizkoa galdeginen balidate ihardetsiko nuke, lehen-lehenik (ordenatzailea), euskaldunok erabili ditugun eta oraino erabiltzen ditugun izendatze bideen berri ematen digulako dela munta handikoa. Nago hau, berez (indartzailea), aski arrazoi pisuzkoa dela, izan ere (kausazkoa) onomastikaren zeregina izen bereziak aztertzea baita. Honetaz landa eta (emendiozkoa) bigarrenik (ordenatzailea), izen ttipiek egungo deitura eta oikonimo asko ongi ulertzeko aukera ematen digute: adibidez (zehatzailea), Peruskirena-n Peru dugula lehen begiratuan antzeman daiteke, eta bukaera edutezko genitiboa dela, baina tarteko segmentua zer den ez da garbi egonen hipokoristiko sistema ikertu ezean. Era berean (emendiozkoa), Martija deituran Marti dagoela aise ikusiko dugu, baina ez diogu apika amaieran dugunari igarriko, gure izendegia aztertzen ez badugu.
Hirugarrenik (ordenatzailea), izen ttipien arloko ikerketa toponimoen etimologia argitzeko ere (emendiozkoa) lagungarri izan daiteke; erraterako (zehatzailea), Baztango Almandoz herri izenak Alaman antroponimoaren eratorri batean, hipokoristiko batean, duke oinarri, *Alamando-n hain zuzen ere (indartzailea), Irigoienen (1995f) ustekaria egia izatera, eta nire iritzian egiantz handikoa da. Nik neronek ez dut bizkaitar euskaltzainak aipatzen zuen aldaera aurkitu, baina bai horren biziki irudia den Alemantto. Erran bezala, euskal onomastika arautzen ere (emendiozkoa) lagun diezagukete hipokoristikoek, oraingo deituraren jatorria eta nondik norakoa hobeki ulertzeko bide ematen digutenez geroztik.
Laugarrenik (ordenatzailea), izen ttipiek aukera ematen dute ohiko hizkeraren azpian dauden egitura fonologikoak aztertzeko: silaben barne egitura eta motak, «template» edo plantillak, errepikapen baliabideak eta irudikatze fonologikoaren maila desberdinen arteko harremanak batez ere (Lipski, 1995: 387). Nik garbi baino garbiago dakusat, azken urte hauetako lanak irakurrita, hipokoristikoen azterketan aurrera eginen badugu fonologialarien premia dugula, euskal onomastikariok ez baitakigu —nik segurik (emendiozkoa) ez— fonologiaren barreneko zoko-mokoen eta (azken) korronteen berri.
Bosgarrenik (ordenatzailea), dialektologiarekin ere (emendiozkoa) badute zerikusia, izen ttipiek berek eta hauek erdiesteko ibilitako erabideek historian zehar izan duten hedadura geografikoa bestelako ezaugarri dialektalekin erlaziona daitekeelako, euskalkien garapena eta bilakaera hobeki konprenitzeko.
Buruenik (ordenatzailea), izen ttipiak hertsiki erlazionaturik daude haur hizkerarekin, eta garbi dago arlo honetan ari diren ikertzaileei ekarpen polita egin diezaiekegula onomastikariok, eta orobat (emendiozkoa) haiek guri, hipokoristikoak eremu zabalago batean kokatzeko abagune ematen baitigute.
2.ARIKETA. Erran zein eta zer motatakoak diren testuotako antolatzaileak.
Erdi Aroan marrazturiko hainbat mapa munduri begirada bat ematen diona azkar ohartzen da Belen, Nazaret, Jerusalem eta horrelako lekuei eskaintzen zaien arduraz. Leku biblikoak munduaren erdi-erdian daude kokatuta: gainerako hiriak edo lurraldeak, berriz (aurkaritzakoa), azaldu ere (emendiozkoa) ez dira egiten, edo oso modu gutxituan azaltzen dira. Hala gertatzen da, kasu (zehatzailea), Liebanako Beatoaren ilustratzaileak egindako mapan, non Egiptok edo juduen herriak Asiak baino toki handiagoa hartzen duten.
Hala ere (aurkaritzakoa), oker egongo ginateke baldin eta mapa horiek, ludia gaizki irudikatzen dutelako, alferrikakoak direla pentsatuko bagenu. Izan ere (kausazkoa), haien bitartez lekuen garrantzia jakin ahal dugu, zer balio ematen zitzaien, noraino ziren Erdi Aroan nagusi kristau erlijioaren ikuspuntuak. Eta (emendiozkoa) informazio hori zientifikoa deitzen duguna bezain funtsezkoa da, lagundu egiten baitigu garai hartako gertaera asko ulertzen.
Balioaren neurria hain gardenki adierazten duen mapa mundurik ez da, noski (epistemikoa), gaurko egunean egiten, baina egingo balitz seguru hiri eta nazio batzuek —New Yorkek adibidez (zehatzailea), edo Ameriketako Estatu Batuek— izugarri leku handia hartuko luketela, ohiko mapa fisikoetan hartzen dutena baino handiagoa; Letoniak, aldiz (aurkaritzakoa), berez dagokiona baino txikiagoa izango luke. Esan nahi da ez dela betetzen, balio kontu hauetan, Bernard Shaw-ek elefante eta arkakusoei buruz zioena, alegia (esplikatiboa) elefantea, normalean, txikiagoa izaten dela marrazkietan errealitatean baino, eta arkakusoa, alderantziz. Balioa emateko unea iristen denean, handia handiago egiten da, eta txikia, urriago.
Grazia egiten zigun txisteak. Funtzionarioez pentsatzen ari nintzela gogoratu zait. Izan ere (kausazkoa), krisi garaiotan, funtzionarioak sarri dabiltza askoren ahotan. Urrutira jo gabe aste honetako Argia-k «asteko gaitzat» hautatu du, eta Mikel Garciaren erreportaje interesgarria dakar, «Beharrezkoak bai, baina bada zer hobetu» izenburupean.
Oposiziotik abiatzen omen (epistemikoa) da dena. Bat nator. Hots (esplikatiboa), ziur nago egiten diren oposizioak baino zehatzagoak eta hobeak burutu daitezkeela. Baina (aurkaritzakoa) neurgailuen aldekoa naiz ni. Neurgailurik eza baino justuagoa iruditzen zait neurgailurik txarrena ere (emendiozkoa). Garai batean, enpresa pribatuan sartzeko modurik ohikoena une egokian toki egokian egotean zetzan. Edo (hautakaria) galdezka ibili eta bazterrak nahasten. «Ez duzu postu bat edukiko gure koinatuaren anaia gaztearentzat, soldadutza bukatu berritan ezer gabe dago eta!». Parean tokatzen bazen barrura! Eta (emendiozkoa) tailer horretan egin zitzakeen bizitzako gainerako urteak… Ez didazue esango oposiziorik desastreena baino justuago denik! Horrelako jendez beterik daude funtzionario ez direnen lanpostuak. Egia da, era berean (emendiozkoa), zatoz biharsindromearena. Alegia (esplikatiboa), denok ezagutzen ditugu funtzionario axolagabe eta adeitasun gutxikoak. Dena dela (aurkaritzakoa), bestelakoak asko dira.
4.ARIKETA. "Politika eta ustelkeria"ri buruzko testu bat egin, antolatzaileak erabiliz.
POLITIKA ETA USTELKERIA
Azken aldi honetan denon ahotan egon den gaietako bat, politika eta ustelkeria izan da. Baina ba al dakigu zer den? Ustelkeria politikoa botere publikoen erabilera gehiegikeria da, era ezkutu eta pribatuan, lege abantailak izateko. Termino honen aurkakoa gardentasuna da. Hori dela eta, estatu bateko politika-ustelkeria mailaz hitz egiteko orduan, gardentasun edo ustelkeria mailatik mintza ahal gaitezke. Adibidez, azken sailkapenean Espainia 36. postuan dago ustelkeriasailkapenean.
Lehen aipatutakoa oinarri harturik, lehenik eta behin esanguratsua iruditzen zait azken urte hauetan atera diren ustelkeria kasuak. Iraganean, korrupzio kasuak izan ziren, baina 2008. urtetik aurrera;, hau da, estatuko krisia hasi zen urtetik aurrera, askoz ere kasu gehiago atera dira azalera. Hauek izan dira gehien entzundako kasuetako batzuk: Gürtel kasua (2009), ERE Andaluzian (2011), Barcenas kasua (2013), Amy Martin kasua (2013), Malaya auzia (2012an argitara atera zen), etab.
Bigarrenik, esan dezakegu politikarien funtzio nagusietako bat gizartea ordezkatzea dela. Horretarako, gizarteak politikariengan konfiantza izan behar du. Baina lehen aipatutako politika ustelkeria kasuak direla eta, mesfidantza handia dago airean. Gainera, egoera honen aurrean duten jokaera pasiboak eta bere nahi eta ongi-izatea bakarrik ikusten dutenez, politikaren eta gizartearen arteko hutsune handi bat sortu da.
Hala ere, ez da orokortu behar; hau da, batzuek gaizki egiteagatik ez dira denak txarrak beren betekizunean. Herri, hiri eta estatu batzuetan politika arloa ez da gaizki ikusten; izan ere, bertan baitaude, gizartearen nahietan oinarriturik beren funtzioak betetzen dituzten politikariak.
Laburbilduz, politika eta ustelkeria gure estatuaren arazo handienetakoa da. Honi irtenbidea emateko, nire ustez, inspekzio gehiago egon beharko lirateke politika arloan; izan ere, politikariek joera dute beren interesak gizartearen nahiak baino lehen asetzeko, gizartea bigarren lekuan utziz. Horretaz gain, nire irudiko, ez da komenigarria boterearen gehiengo absolutua gobernu batek izatea, azken batean, alderdi politiko desberdinek iritzi desberdinak dituztenez, oharkabean, hauen arteko elkar lana eta elkar kontrola sustatzen dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina